|
Azken 7 urteetan ohikoa den bezala, Txingudiko Zerbitzuek, oraingoan Euskadiko Kutxaren laguntzaz, beste kanpaina bat jarri dute abian Bidasoa Beherean etxeko zaborraren birziklatze portzentajea hobetzeko xedean.
Oso portzentaje onetan bagabiltza ere, %30 inguru, Txingudiko Eskualdeko Hiri Hondakinen Plan Integralak (TEHHPI) zehazten du 1016. urterako gutxienez %40ko birziklatze portzentajea izan behar dugula bidasotarrok.
Aspaldi ez dela eginiko azterketa soziologikoek eta guk geuk eginiko kanpainetatik ateratako ondorioek adierazten dute herritarren ehuneko handi batek ez duela birziklatzen beren sukaldeetan etxeko zaborraren frakzio desberdinak gaika biltzeko ontzi egokirik ez izateagatik.
Horregatik, aurten, Bidasoa Behereko 5.000 familiak zaborra birziklatzeko ontzi eroso hau lor dezakete DOAN !
Argazkian ikus daitekeen sistema honek abantaila handiak ditu ohiko zabor ontziaren aurrean, konpartimendu desberdinak izateagatik.
- Zaborraren hiru frakzio biltzeko aukera ematen du, gainerakoek, berriz, bi besterik ez dute.
- Ohiko ontziaren pareten zurruntasunik ez du honek, eta horrenbestez, zaku bat goraino bete daiteke aldamenekoa erdi hutsik dagoen bitartean.
- Estetika aldetik atsegina da eta oso didaktikoa.
Tramankuluak estetika interesgarria hartzen du koloretako hiru zakuak jartzen zaizkionean: urdina papera eta kartoiarentzat, horia ontzi arinentzat eta berdea beirarentzat. Zaku horiek garbi daitezke, eta horrenbestez, luzaroan berrerabil daitezke.
Zertan datza kanpaina hau?
Txingudiko Zerbitzuek gutun bat bidali diete bere bezero guztiei, eta zaborra gaika biltzeko sistema hau doan lortzeko txartela dago barruan. Horretarako, zehaztutako ordutegi, egun eta lekura joan behar da, eta han ingurumen hezitzaile batek hondakinen gaikako bilketa nola egin edo nola hobetu jakinaraziko dizue 10 minutuko hitzalditxo batean, ontzi bat oparituko dizue, eta gainera, gida bat emango dizue hondakin birziklagarriak edukiontzi desberdinetan botatzeko orduan herritarrei sortzen zaizkien ohiko zalantzak kontsultatu ahal izateko.
Kanpaina hau osatzeko, iragarkiak emango dira tokiko komunikabideetan, eta zehatzago adierazteko telebista eta irratian, eta baita prentsa idatzian ere: tokiko edizioak dituzten egunkariak eta tokiko aldizkariak.
| |
|
 |
|
| Oharra: bideoak jaisteko, egizu klik “Descargar” aukeran saguaren eskuineko botoiaz eta aukeratu “Guardar destino como…”. |
|
|